martes, 10 de enero de 2012

 Euskal Komunitate birtualak: Nola ehundu harreman sareak

Post hau EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean antolatu den azkenengo jardunaldiaren inguruan doa: Euskal Komunitate birtualak: Nola ehundu harreman sareak. Euskarak sarean duen lekuari buruz hitz egiten egon ziren zenbait Euskal hedabideen profesionalak: Idurre Eskisabel (Berria.Info), Luistxo Fernandez (Sustatu.com), Lontzo Sainz (Eitb.com), Lander Arbelaitz (Argia), Maite Goñi (Euskal Jakintza) eta Hasier Etxebarria (Zuzeu).

Denek ados zeuden sareak euskarari eta orokorrean edozein erabiltzaileari eskaintzen dizkion posibilitate izugarri buruz. Euskara nahiz eta hizkuntza txikia izan, bere komuniteteak gogotsu diharduela interneten baieztatu zuen Luistxo Fernandez-ek. Hasier Etxebarria bat etorri zen baieztapen honekin, internet bigarren bizitza baten antzekoa dela gehituz. Jendea berria ezagutzeko, komunitateak eratzeko eta etsaiak ere egiteko aukera ematen digu sareak. Laburbilduz, proiektuak aurrera eramateko posibilitate ikaragarriak eskaintzen dituen erraminta da sarea.

Euskararen erabilpena eta euskal komunitatearen ekintzak sarean zirenean, hor hasi ziren zalantzak. Errealitateari begiratuz, sarean, eguneroko bizitzan bezala, badago jendea euskaraz egiten dakiena baina ez duena erabiltzen, esan zuen Luistxo Fernandezek. Beraz, sarearen helburua da teknologiaren erraminta berriak erabiliz, erabiltzaile berrietara ailegatzea. Euskaraz egindako edukien ekoizpena da irtenbide bakarra horretarako. Ahalik eta euskaraz produktu gehien eskaintzea. Baina ez hori bakarrik, edukien arteko lehia handia dago sarean, eremu globala baita. Hori dela eta, euskaraz egindako edukiak beharrezkoak dira, baina kalitatezkoak, lehiakortasunari aurre egiteko gai direnak.
Interneten erabiltzen diren interfazeak euskaratzea ere, google adibidez, bide bat da gure hizkuntzaren erabilera sarean normalizatzeko eta erabiltzaile berriak erakartzeko. Baina Maite Goñik adierazi zuen moduan, hori ez da nahiko; gure existentzia, gure lekua sarean aldarrikatu behar dugu, eta horretarako ezinbestekoa da gure artean euskaraz komunikatzea. Beraz, norbanakoaren ohiturak aldatzeko ahalegina egin behar dugu aldaketa erreala gauzatzeko eta benetazko euskarazko komunitatea sortu ahal izateko.

Guztiak ados egon ziren aldaketa prozesu honetan erabiltzaile gazteen garrantzia adieraziz. Euskaraz komunikatzearen ohitura gazteen artean sustatzen bada, etorkizunean ziur aski ekintza normalizatua bezala hartuko delako orokorrean. Horren alde burutzen ari diren ekintzen artean, Lontzo Sainz-k aipatu zuen eitb.com-en nola gazteen eta umeentzako edukiak euskara hutsean eskaintzen ari direla. Gaztea irratiaren webgunearen kasua aipatu zuen ere, formula arrakastatsua bilakatu baita. Argiaren kasuan, Lander Arbelaitz-ek aipatu zuen nola sare sozialetan lehiaketak egiten dituzte gazteen interakzioa bilatzeko.

Baina hizkuntzaren erabileraz aparte, euskara sarean duen beste arazoari buruz hitz egin zen: finantziazioa. Luistxo Fernandezen hitzetan, euskarazko ziber-hedabideetan ez da inolako inbertsiorik egiten. Ez dago ziber-hedabide bat, paperezko edizioa ez duenik, han sartutako publizitatetik bizi direlako. Beraz, administrazioaren laguntza guztiz beharrezkoa da.
Hau guztia ikusita, zenbait ondorio atera dezakegu euskarazko ziber-komunitate osasuntsua izatearen inguruan: Alde batetik kalitatezko edukien beharra dago sarean. Beste aldetik, komunikatzeko euskara erabiltzearen alde lan egiten duten ekintzak indartu behar dira. Eta azkenik, euskal ziber-hedabideen finantziazio arazoak baztertzeko administrazioaren laguntza behar da.   

No hay comentarios:

Publicar un comentario